‘Zubirik Zubi’ ikuskizuna, ekainaren 3an, Donostian

Kilometroak 2018ren alde ikuskizun paregabea egingo da datorren ekainaren 3an, 12:00etan, Donostiako Kursaaleko ganbara aretoan. ‘Zubirik Zubi’ izenburua duen jaialdirako sarrerak Kursaaleko web orrian eskuratu daitezke.

Kilometroak 2018ren leloari tiraka, zubigintza izango du ardatz Urretxu-Zumarraga Ikastolak antolatutako ikuskizunak. Gaia hainbat ikuspuntutatik jorratuko da, solasaldiak eta askotariko emanaldiak tartekatuz.

Oholtza gainera herritar asko igoko dira, urretxuarrak eta zumarragarrak: Joseba Apaolaza aktorea, Gorka Hermosa soinu jotzailea, Irrintzi dantza taldea, Miriam Inza eta Ana Carmona musikariak, Josu Maroto marrazkilaria eta Ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoak.

Horiei guztiei, Euskal Herri mailan eskarmentu handia duten artistak batuko zaizkie: Mikel Urdangarin abeslaria, Alaia Martin bertsolaria eta Kirmen Uribe idazlea, baita Kaabestri Ensemble soka laukotea eta zintarekin artistak diren Jone Astorkia eta Agurtzane Telleria bikotea.

Ikastolako ikasle, irakasle eta gurasoen ahalegin eta indarrari esker bidea eginez doan Zubizikletak herritik hirirainoko bidea egingo du egun batez, eta ikuskizun paregabe batez gozatzeko gonbidapena egingo die gipuzkoar guztiei.