Bertso jaialdia, maiatzaren 18an, Urretxuko Labeaga aretoan

Belaunaldi ezberdinetako lau bertsolarik elkarrekin kantatuko dute maiatzaren 18an Urretxuko Labeaga aretoan: Andoni Egañak, Aitor Mendiluzek, Alaia Martinek eta Mikel Iturriotzek. Kilometroak 2018ren barruan antolatuta, Gipuzkoako Ikastolen aldeko jaia izango du ardatz 22:30ean hasiko den bertso saioak. Beñat Torres izango da gidari eta gai jartzailea.

Kilometroak 2018k gonbidatuta, Urretxun arituko diren lau bertsolarietan beteranoena eta, beraz, ibilbide luzeena duena Andoni Egaña da; zarauztarra lau aldiz izan da Euskal Herriko txapeldun (1993, 1997, 2001, 2005). Aitor Mendiluze andoaindarraren bertso jarduera ere ez da makala; birritan izan da Gipuzkoako txapeldun (1995 eta 2007).

Azken urteetan indartsu datorren bertsolari belaunaldi berriko kidea dugu Alaia Martin oiartzuarra. Gipuzkoako Txapelketako finalean hirugarren izan zen 2011n, eta bigarren 2015ean. Berebat, 2013ko txapelketa nagusiko finalaurrekoetan jardun zuen.

Mikel Iturriotz urretxuarrak ez du aurkezpen handirik behar herrian. Ikastolako ikasle ohi eta Bertso Eskolako kidea da. Urretxu-Zumarragako ‘Zugazte’ gaztetxoen bertso-eskolako irakaslea ere bada, Amaia Iturriotz, Maialen Akizu, Manex Mantxola eta Beñat Torresekin batera. Txikitatik parte hartu izan du eskolarteko txapelketetan: 2013an txapeldun izan zen Gipuzkoakoan eta txapeldun orde Euskal Herrikoan. Horrez gain, han-hemenka antolatutako sariketetan ere kantatu izan du. 2014an Gabiriko Osinaldeko finala jokatu zuen.

Mikel, Amaia arrebarekin eta Manex Mantxolarekin batera, Kilometroak 2018ko kantaren letraren egilea izan da.

Sarrerak aldez aurretik salgai

Aretoaren edukierak baldintzatuta, 353 sarrera jarri dira salgai ondorengo lekuetan: Urretxu-Zumarraga Ikastolan eta Kilometroetako dendan eta Legazpiko Katilu, Azkoitiko Latz, Beasaingo Irizar, Ordiziako Moderno, Lazkaoko Zelata, Urretxuko Zona Zero eta Motz eta Zumarragako Arkupe tabernetan. Sarrera bakoitzak 10 euro balio du; 8 euro ikasle eta langabetuentzat.

Sarrerarik soberan geratuz gero, egunean bertan Labeaga aretoan jarriko lirateke salgai.

Bertsozaleak zaretenok, eskuratu zuen sarrera agortu baino lehen. Ikuskizuna bermatuta dago.